LAN EGITEKO, BIZITZEKO ETA GOZATZEKO BERMEO ERAIKITZEN

BERMEOKO EAJ-PNV-K, LAN EGITEKO, BIZITZEKO ETA GOZATZEKO UDALERRIA ERAIKITZEKO BIDEAN ERAGILE PUBLIKO-PRIBATUEKIN BATERA AURRERA EGITEAREN ALDEKO APUSTUA EGIN DU

  • Alkatetzan lau urte eman eta gero, Aritz Abaroa hautagaiak ziurtatu du Bermeok hobera egin duela eta bide horretan jarraitu behar duela, eta horretarako lan handia dagoela oraindik egiteko
  • Bermeoko EAJ-PNVk udalerriaren noraeza bideratzea lortu du 2019-2023an egindako lanarekin; gaur egun, Bermeo garbiagoa, modernoagoa eta jarduera ekonomiko handiagokoa da
  • Alderdi jeltzaleak lau ardatzetan egituratutako 100 ekintzaz osatutako ibilbide-orria landu du 2023-2027rako: pertsonak, ekonomia, nortasuna-ondarea eta kudeaketa arduratsua eta instituzionala
  • Abaroak aurreratu du Bizkaiko Jaurerria kalea modernizatzea eta edertzea gura duela, merkataritzarako duen erakargarritasuna bultzatzeko

Bermeon, 2023ko maiatzaren 11n.- Bermeoko EAJ-PNVk ezkortasunari ziaboga egitea eta udalerriaren norabidea aldatzea lortu du azken lau urteotan. Nahikoa da herrian zehar paseatzea aldaketa ikusteko. Bermeo garbiagoa, modernoagoa eta jarduera ekonomiko handiagokoa da. Hala ere, alderdi jeltzalearen esanetan, lana dago oraindik egiteko, eta bide horretan –lan egiteko, bizitzeko eta gozatzeko udalerri bat eraikitzea– eragile publiko-pribatuekin batera aurrera egiteko apustua egiten du.

Aritz Abaroa EAJ-PNVren Bermeoko alkategaiak ziurtatu duen bezala, “Bermeok etorkizunerako proiektu bat du gaur, bermeotarrak ekintza guztien erdigunean jartzen dituena. Bizkaiko kostaldeko erreferente izatetik gero eta gertuago gaude, gero eta gehiago gara Bermeo”.

Era berean, berak eta bere taldeak ilusioz beteriko proiektu bat prestatu dutela nabarmendu du, eta prest daudela, beste administrazio eta eragile pribatu batzuekin akordioak egitea oso garrantzitsua dela jakinda. “Maila publiko zein pribatuko eragileekin egindako lana funtsezkoa izan da, da eta izango da Bermeo herri indartsua izan dadin, lan egiteko, bizitzeko eta, aldi berean, demokraziaz gozatzeko herria”.

Berriro alkatea izateko hautagaiak balioa eman dio orain amaitzen ari den legegintzaldian egindako lanari, “Bermeok hobera egin du, eta horrela jarraitu behar du. Nabigazio-kartarik onena dugu gidari. Itsasoa eta portua gure nortasunaren eta bizitzeko moduaren ardatz izanda, herriak behar zuen eraldaketa aktibatu dugu”.

Horretarako, EAJ-PNVk taldea indartzeko eta ibilbide-orria eguneratzeko egin du lan. “Asko dago egiteko. 2019an hasi genuen zeharkaldia amaitu behar dugu, eta, horregatik, talde handiarekin eta proiektu handiarekin aurkeztuko gara maiatzaren 28ko hauteskundeetara. Gure hauteskunde-programak 100 ekintza ditu, Bermeo Abante makiña guztidxen jartzeko. Ekintza horiek toki-erakundeekin eta Bermeoko bizilagunekin egindako entzute-prozesu zabalari eta zorrotzari esker diseinatu ditugu”.

100 ekintza 2023-2027rako

Abaroak gogorarazi du duela 4 urte 2019-2023 ibilbide-orria aurkeztu zuela, eta horrek alkatetzatik egindako lan guztia gidatzeko –pandemia gorabehera– eta Bermeoren lidergoa eta indarra berreskuratzen aurrera egiteko balio izan diola EAJ-PNVri. “2023-2027rako jarraipena ekarriko duen proiektuarekin egin dugu lan. Lan handia eskatu duen legealditik gatoz. Fruituak ematen hasi da, baina lan asko dago oraindik egiteko. Lotura publiko-pribatuak eratzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu, Bermeo trakzionatu ahal izateko eta bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko udalerria lortzeko konpromisoan aurrera egiteko”.

Bermeoko EAJ-PNVk 2023-2027rako ibilbide-orri bat landu du, lau ardatzetan egituratutako 100 ekintzaz osatua:

  1. Pertsonak: Bermeo eder, garbi eta irisgarriaren eraikuntzan aurrera egitea; Alde Zahar irisgarria, garbia eta jarduera ekonomikoa duena; kirol-jarduera bultzatzea osasunaren ikuspegitik, instalazio berriak eginez eta beste batzuk berriztatuz…; pertsonekin konprometitutako Bermeo, berdintasunezkoa eta segurua; Bermeo jasangarria; auzo irisgarriak, garbiak, ondo argiztatuak, bizitzaz beteak eta ondo konektatuak.                       
  2. Ekonomia: eskualde lehiakorra eta portua eta arrantza bultzatzea; zaporeduna eta jasangarria, hegaluzea eta atuna osagai nagusitzat hartuta; tokiko merkataritza sustatzea eta turismoa bultzatzea.                        
  3. Nortasuna eta ondarea: Gaztelugatxeri balioa emateko bidean aurrera egitea; Bermeoko euskara zaintzea; Bermeoko ondare materiala eta ez-materiala berreskuratzea eta zabaltzea                   
  4. Kudeaketa arduratsua eta instituzionala: Sollubeko errepidea eta Bermeo-Bakio errepidea hobetzeko proiektua, Aldundiarekin batera; trenbide azpiegiturak hobetzea, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan; U-BAI, Urdaibairekin Garapen Ekonomikorako Plana; eskualdearen lehiakortasuna hobetzea, Jaurlaritzarekin, Aldundiarekin eta udalekin batera; arrantza-, kirol- eta merkataritza-jarduerak bultzatzea, Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiarekin elkarlanean; osasun-arretako zerbitzuak bermatzea eta hobetzea, Osakidetzarekin; aldizkako eta sektoreko tresnak eta topaketak abian jartzea konpromisoak zenbateraino bete diren jendaurrean erakusteko.               

“Bermeo Abante bermeotar guztien bizi-kalitatea hobetzeko haizearen eta marearen kontra nabigatzen ari den ontzia da. Hurrengo 4 urteetarako gure helburua Bermeo Abante makiña guztidxen jartzea da”, adierazi du Abaroak.

Bizkaiko Jaurerria kalearen berrurbanizazioa

EAJ-PNVk Bermeoko Kafe Antzokian antolatutako gosari informatiboan, Bizkaiko Jaurerria kalea modernizatzeko eta bertako jarduera komertziala bultzatzeko lantzen ari diren proiektuaren berri eman dute.

“Itxura berritzea eta irisgarriago egitea da helburua”. Irisgarritasun zaila duen kalea da, espaloiak oso hondatuta ditu. Berrurbanizatzearen aldeko apustua egiten dugu, itxura modernizatzeko eta erakargarriagoa egiteko”, zehaztu du hautagai jeltzaleak.

Bermeoko EAJ-PNVk berdeguneak izango dituen kalea proposatzen du, atseginagoa. “Bere erakargarritasuna bultzatu gura dugu. Arteria komertzial garrantzitsua eta alde zaharrera sartzeko atea da Bermeon. Hori dela eta, txandakako doako aparkaleku-sistema ezartzea ere proposatzen dugu, Askatasun Bidean dagoena bezalakoa”, aurreratu du Abaroak.