EAJ-PNV-K GAZTELUGATXEKO INTERPRETAZIO ZENTROA IREKIKO DU BERMEOKO ALDE ZAHARREAN

  • Zentroaren helburu Nagusia Gaztelugatxeri lotutako ondare naturala eta historiko-kulturala ezagutaraztea da, ingurunearekiko kohesioa sustatzeaz eta udalerriko alde zahar historikoa biziberritzeko elementu bultzatzaile bihurtzeaz gain.
  • Erakusketa-guneak baliabide interaktiboak, ikus-entzunezkoak eta multisentsorialak izango ditu, leku enblematiko horri lotutako historia, berezitasun naturala eta kondairak eta mitoak esploratzeko.

Bermeon, 2023ko maiatzaren 25ean.- Euskal kostaldeko leku gutxik gordetzen dute Gaztelugatxeko San Joanek adina magia, Bermeoko eta bertako bizilagunen tradizioak eta historia batzen dituen ingurune natural paregabea. Hori dela eta, EAJ-PNVk Gaztelugatxeko San Joan Interpretazio Zentroa Alde Zaharraren bihotzean irekitzeko asmoa du, helburu argi batekin: bermeotarrentzat hain adierazgarria den toki honetako ondare naturala eta historiko-kulturala ezagutaraztea eta Bermeoko Alde Zaharra biziberritzeko elementu bultzatzaile bihurtzea.

“Gaztelugatxe Bermeoko bitxia da. Argi dago gero eta bisitari gehiago erakartzen dituela guri dagokigun leku eder honek, eta, horregatik guztiagatik, errealitate hori kudeatu behar dugu, lehenik eta behin biotopoa eta santutegia babesteko, eta, bigarrenik, Gaztelugatxe bisitatzen duten pertsona guztiek ingurumen-aberastasuna, gure kultura-ondarea eta gure tradizioak ezagut ditzaten sustatzeko. Gainera, Bermeoko sektore ekonomikoetan Gaztelugatxek duen ahalmen bultzatzailean eragin positiboa izango duten baldintzak sortu behar ditugu”, adierazi du Aritz Abaroa alkategaiak.

Interpretazio Zentroa hirigune historikoaren erdi-erdian dagoen lokal batean kokatuko da, San Juan ataritik metro gutxira, udaletxearen ondoko espazio batean, eta hura hartzeko egokituko da. Zentroak baliabide interaktiboak, ikus-entzunezkoak eta multisentsorialak izango ditu, leku enblematiko honi lotutako historia, berezitasun naturala eta kondairak eta mitoak esploratzeko.

“Zentro hori kultura transmititzeko erreferentziazko baliabide bihurtuko da, turismoa sustatuko du eta bisitarientzat esperientzia erakargarriak sortzea lortuko du”, azpimarratu du Abaroak.

Alderdi jeltzaleak, edukiei balioa emateko, teknologia aurreratuenak erabiliz eta, horrela, publikoarekiko interakzioa sustatuz museo-azpiegitura bat sortzea proposatu du. Gainera, bisitarientzako aurretiko informazio-gune gisa balioko du, eta, aldi berean, bisitak eraginkortasunez kontrolatzen eta banatzen lagunduko du, bai eta bisitarientzako asistentzia minimizatzen ere, biotopoaren barruan. Turistak ez ezik, urtero eskualdea bisitatzen duten tokiko bisitariak eta ikastetxeak ere jomuga izango dituen kokalekua.

Baliabide interaktiboak

Pertsonek zentzumenetan barrena bidaia egingo dute zentzumen-esperientziekin espazio inguratzaile batean. Soinuak, irudiak, usainak, testura fisikoak, bisitaria Gaztelugatxe ingurura eramango dutenak han egon beharrik gabe.

Zentroak natura-aberastasuna azaltzeko gune bat izango du, eta gizakiaren eraginak biotopoan izan duen bilakaera eta irlatxoan eta inguruetan izandako mugarri historiko nagusiak azalduko dira. Interpretazio zentroak Gaztelugatxe inguratzen duten mito eta kondaira ugari ezagutarazteko gune bat ere izango du.

“Baliabide interaktiboekin, teknologia aurreratuenaren laguntzarekin, bisitariak espazio abegikor eta gogoetatsu batera eramateko Interpretazio Zentro bat planteatzen dugu,; alde zaharra biziberritzen laguntzeaz gain, espazio berri horri lotutako jarduerak sortuz. Gure historia eta tradizioak balioetsiko ditu, eta biotopoa zaintzen lagunduko du”, adierazi du Abaroak.