EAJ-PNV-K BERMEOKO KIROL ESKAINTZA HANDITZEKO ASMOA DU

•  EAJ-PNVk beharrezkotzat jotzen du kirol-instalazioetan inbertitzen jarraitzea, espazio zaharkituak eguneratzea eta eskari handieneko zerbitzuak indartzea.

Bermeon, 2023ko maiatzaren 23an.- EAJ – PNV Bermeo bere bizilagunen kalitateaz arduratzen da, eta kirola eta bizitza osasungarria ongizate horri estu lotuta daude. Horregatik, Aritz Abaroa buru duen taldeak argi du bermeotarrek instalazio eta espazio egokiak behar dituztela hori egiteko.

Horrela, EAJ- PNVren taldeak kirol eskaintza zabaldu nahi du, sektore bakoitzeko eragileekin batera lan eginez beharrak, erronkak eta lan ildoak definitzeko. “Beharrezkoa da kirol-instalazioetan inbertitzen jarraitzea, espazio zaharkituak eguneratuz eta eskari fisiko handieneko zerbitzuak indartuz”,  azpimarratu du Abaroak.

Alderdi abertzaleak proposatzen dituen esku-hartzeen artean, kiroldegiko igerilekua handitzea, Hermanoen eremuan padel-pistak eraikitzea eta San Martinen pump track pista bat egitea nabarmentzen dira. Gainera, Hermanoen kirol instalazioak berritzeko inbertsio plan bat garatuko dute eta kiroldegiko zerbitzuak indartzen jarraituko dute.

Bestalde, EAJ-PNV Bermeok Penta futbol zelaiko harmailentzako estalki baten proiektua idaztea eta Itxasgane zelaiko argiteria berritzea proposatzen du. Era berean, EKPrekin eta Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin batera, portuan arraunarekin, nabigazioarekin, surfarekin eta ur-jarduerekin lotutako jardueren antolaketa errazten saiatuko da.

“Arraun-taldeari instalazio duinak eskaini nahi dizkiogu, eta erakundeen artean uretako kirol-ekipamendu berri bat egiten lan egingo dugu, herriko gazteenen artean arraunzaletasuna pizteko eta Bermeon arraunak sortzen duen indarrari eta bizitzari eusteko” gaineratu du alkategaiak. Jeltzaleek iradoki dute, gainera, kirol-elkarteen sare bat sortzea sektorearen erronkak eta beharrak identifikatzeko. Horretarako, kirol-dinamizatzailearen figura sortuko dute, eta haren funtzioak sare hori eratzea, dinamizatzea eta sare horretatik sortzen diren proposamenak eta proiektuak garatzen laguntzea izango dira.