EAJ-PNV BERMEOK ZARRAGOITXI SARRERAKO BIRIBILGUNEA KENDUKO DU, BERMEOKO ZABALGUNEA ZABALDUZ ETA LARRIALDI ZERBITZUEI IRISTEKO ERRAZTASUNAK EMANEZ

• Alderdi jeltzaleak, gainera, irisgarritasuna hobetu eta edertuko du Bizkaiko Jaurerria, Iparragirre, Kurtzio, Adubidxe, Txibitxiaga eta Talan.

• Halaber, ibilgailuentzako aparkalekuak, merkataritza-guneak, espaloiak eta oinezkoentzako espazio zabalagoak eraikitzea proposatzen du.

Bermeon, 2023ko maiatzak 22.- EAJk argi du Bermeok irisgarriagoa eta modernoagoa izan behar duela herritar guztientzat. Eta, horretarako, Zarragoitxiko sarrerako biribilgunea kendu nahi du, Bermeoko zabalgunea handituz – Artza-Erreten, Lamera, Erribera plaza eta Erreten Lamera-, eta larrialdi-zerbitzuetarako irisgarritasuna erraztuz.

“Bermeo historia eta tradizio handiko herria da, baina denboraren poderioz hondatu egin diren kaleak eta eremuak ere baditu. Modernizatu eta edertu egin nahi dugu, eta, horretarako, bermeotarren bizi-kalitatea hobetuko duten lanak jarri behar ditugu abian, hala nola ibilgailuentzako aparkalekuak sortu, merkataritza-guneak sustatu, espaloiak eta oinezkoentzako espazio zabalagoak eraiki”, adierazi du Aritz Abaroa alkategaiak.

Horrela, eraldaketa horretarako, EAJ-PNV-k oztopoak kenduko ditu, arrapalak leundu, guztientzako igarobidea ahalbidetuz eta larrialdi-zerbitzuek udalerriko edozein bizilagunen etxebizitzarako sarbidea bermatuta izan dezaten.

Irisgarritasuna hobetzearekin, espazioak modernizatzearekin eta mugikortasun iraunkorra sustatzearekin batera, alderdi jeltzaleak bermeotarrentzat aisialdirako guneak sortu eta egokitu nahi ditu, adinekoek, familiek eta haurrek aisialdiaz gozatzeko aukera izan dezaten.

Abaroa buru duen taldeak kale-mapa aldatuko duten hainbat esku-hartze proiektatu ditu; esaterako, Bizkaiko Jaurerria kalea merkataritza-gune gisa berriz urbanizatzea, irisgarriagoa eta modernoagoa izan dadin, ibilgailuen txandaketa bermatuko duen doako aparkaleku-sistema bat ezarriz. Iparragirre kaleko irisgarritasuna hobetzea, ingurunea berriz urbanizatuz eta inguruko etxebizitzen eta bizilagunen irisgarritasuna bermatuz. Itxasbegi kaleko irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko proiektuak amaitzea. Horretarako, Txibitxiaga eta Itxasbegi lotuko dituen igogailua eta 75 plazako aparkalekua prestatuko dira.

Kurtzioko espaloiak berritzea, auzoaren irisgarritasuna hobetuz eta ingurunea modernizatuz, Talako kaleak berriz urbanizatzea, eta Adubidxe inguruko konexioak eta irisgarritasuna hobetzea, Zubiaur tar Kepa eta Adubidxe lotuko dituen igogailua jarriz eta saihesbidearen sarrera berria Tellaetxe tar Josutik Adubidxe eremuarekin lotuko duen kale bat irekiz, ibilgailuen trafikoa hobeto banatzen laguntzeko. Tellaetxe tar Josuko sarrera berri honetan aparkaleku bat eraikitzea ere proposatzen da, eta horretarako EAJ-PNVk jabetzak kudeatzen eta proiektua idazten hastea aurreikusten du.

“Plangintza egokiarekin eta erakundeen arteko lanari esker, pixkanaka gure herria modernizatuko dugu eta bermeotarrok merezi dugun Bermeo eraikiko dugu. Kalitatezko azpiegitura bat, zerbitzuak eta guztiontzako aukerak eskaintzen dituen Bermeo bizi baten eskaintza dugu helburu, inor atzean utzi gabe, eta etorkizuneko begirada batekin eraikia”, azpimarratu du Abaroak.