EAJ-PNV BERMEOK KALITATEZKO GIZARTE POLITIKEN ETA ZERBITZUEN ALDEKO APUSTUA EGITEN DU ADIN GUZTIETAKO PERTSONENTZAT

  • Alderdi jeltzaleak, 30 urtetik beherako gazteei etxebizitza alokatzen dietenari OHZn hobariak aplikatzea, eta tokiko gazteei emantzipaziorako bidean aholkularitza espezializatua emateko zerbitzu bat abian jartzea proposatu du, Emantzipaziorako Euskal Sarearekin eta Bizkaia Gazteak proiektuekin lankidetzan
  • Pertsonak ardatzean jartzen dituen eredua ezartzea planteatzen du (egoitza, eguneko arreta, etxez etxeko zerbitzua…) adinekoei arreta emateko programa guztietan

Bermeon, 2023ko maiatzaren 24ean.- EAJ–PNV Bermeo bere herritarrez arduratzen da, eta horregatik, adin guztietako bermeotarrentzat kalitatezko gizarte politiken eta zerbitzuen aldeko apustu sendoa egiten du. “Inor atzean uzten ez duen herria garelako, berdintasunezko gizartea bultzatuko duten politikak bultzatzen jarraituko dugu, aisialdia bermatuko duten espazioak eta eskaintzak sortuz” azpimarratu du alkategaiak.

Horrela, EAJ- PNVk proposamen sendoak ditu bere herrikideen bizi-kalitatea hobetzeko. Jeltzaleek, pertsonak jomugan jartzen dituen eredua, adineko pertsonen zerbitzu programa guztietan ezartzea proposatzen dute, eta adibide gisa jarri dituzte udal egoitzan egiten ari diren inbertsioak. Laster martxan jarriko diren “bizikidetasun-unitate”-ei esker, erabiltzailea egoitzan biziko da eta bere zerbitzu guztiak izango ditu.

Gainera, Adinekoen Behatokia programa ke-detektagailuekin, adinekoen etxeetan suteak saihesteko, segurtasuna hobetzeko, ahulenei jarraipena egiteko eta kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko indartzea proposatu dute. Halaber, eten digitalari aurre egiteko adinekoei zuzendutako programak martxan jartzea iradoki dute, eta, aldi berean, tokiko merkatariekin, jabeen komunitateekin eta laguntza-zerbitzuekin boluntarioen sare bat sortzea proposatu dute, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak identifikatzen laguntzeko, horrela udal-zerbitzuetatik laguntza eskaini ahal izateko.

Abaroa buru duen taldearen beste helburuetako bat da tokiko gazteei emantzipaziorako bidean aholkularitza espezializatua emateko zerbitzu bat abian jartzea Emantzipaziorako Euskal Sarearekin eta Bizkaia Gazteak proiektuekin lankidetzan. Halaber, 30 urtetik beherakoei alokatutako etxebizitzen jabeei hobariak ematea Ondasun Higiezinen gaineko zergan proposatu dute, gazteei zuzendutako alokairua sustatzeko.

Udalerriko emakumeentzako aholkularitza-zerbitzua berreskuratzea, berdintasunerako 3. plana idaztea eta abian jartzea, adikzioak prebenitzeko planerako ekimen berriak egitea edo haurrentzako jolasgune estali bat eraikitzea Lameran, horiek dira alderdi abertzaleak datozen urteetarako dituen asmoetako batzuk. “Proposamen zehatzak ditugu, guztiontzako kalitatezko zerbitzu eta azpiegiturekin. Bizi-kalitate handiko herria nahi dugu, pertsona guztiek kalitatezko zerbitzuak izango dituena eta adin guztietako bermeotarren aisialdirako eta gozamenerako azpiegiturak eta eskaintza egokia izango dituena” gaineratu du Abaroak.