BERMEO GARBIAGOA LORTZEKO LANA ETA KONPROMEZUA

BERMEOKO EAJ-PNV-K UDALERRI GARBIAGOA LORTZEKO LAN EGITEN JARRAITZEAREN ALDE EGIN ETA GARBIKETA ZERBITZUAK INDARTZEN ETA MODERNIZATZEN JARRAITZEKO KONPROMISOA HARTU DU

  • Aritz Abaroa hautagaiak adierazi duenez “Bermeo guztion etxea da eta horrela zaindu behar dugu. Bermeotarrak inplikatzen jarraitzearen alde egiten dugu, kaleak eta espazio publikoak garbi izateko”
  • Bermeoko EAJ-PNVk garbiketa bereziak bultzatzen jarraitzeko eta kale zaharrenetan eragiteko konpromisoa hartu du
  • Alderdi jeltzaleak dio guztiz zorrotza izango dela horma zikinen eta animalien gorozkien aurrean; txakurren gorozkiak zigortzeko ordenantza eta kontrol berezia onartuko ditu

Bermeon, 2023ko maiatzaren 12an.- Bermeoko EAJ-PNVk udalerriaren garbitasunean eragiten jarraitzeko beharra azpimarratu du eta ahalegin berezia egitearen aldeko apustua egiten du, herritar guztiak kaleak eta espazio publikoak garbi izaten inplikatzeko. Gainera, 2023-2027 hauteskunde-programan garbiketako udal-zerbitzuak indartzen eta modernizatzen jarraitzeko konpromisoa ere jasotzen du.

Horrela, Aritz Abaroa alkategai jeltzaleak esan duenez “Bermeo guztion etxea da eta horrela zaindu behar dugu. 2019-2023 legegintzaldian egin dugun lanarekin jarraituko dugu: garbiketa intentsiboak, hondakinak biltzeko guneak berritu, garbiketarako udal-zerbitzuak modernizatu… EAJ-PNVrentzat ezinbestekoa da Bermeo garbi egotea”.

Alderdi jeltzalearen esanetan, Bermeoko kaleak berriztatu ahala, Bermeo ederragoa izango da, baina garbitasunaren ikuspuntutik kale zaharrenen garbitasunean sakontzeko konpromisoa hartu du.

Hori lortzeko, EAJ-PNVk garbiketa bereziak bultzatzen jarraituko du (makina bereziekin, presiozko garbiketekin…), herritarrak inplikatzeko eta sentsibilizatzeko kanpainak jarriko ditu martxan, adin eta eremu desberdinetako bermeotarrak inplikatuz, eta hondakinen sorrera txikiagoa eta birziklatzea saritzen duen zerga sistemaren bideragarritasuna aztertuko du.

Txakurren ordenantza

“Ezin dugu onartu hormak zikin eta kaleak txakurren kakaz eta pixaz beteta egotea. Gizalegearen kontrako jokabide horien aurrean zorrotz jokatuko dugu”, adierazi du Abaroak.

Kaleetan txakur gorozkiak uzteari dagokionez, Bermeoko EAJ-PNV adierazi duenez “udalerri guztietan arazo orokorra den arren, kezkatu egiten gaitu eta horretan ari gara. Amaiera eman behar diegu pixaz betetako izkinei eta gorozkiak dituzten espaloiei. Txakurren gorozkiak zigortzeko ordenantza eta kontrol berezia onartuko ditugu”.